XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ESKATU ZIRENETIK 18 HILABETE PASATU ONDOREN JASOKO DITUZTE EPAILEEK GUDA ZIKINARI BURUZKO AGIRIAK

Osorik desklasifikatu ditu Gobernuak Gorenak eskatutako CESIDen 13 agiriak

Guda zikinari buruzko CESIDen 13 agiri desklasifikatzeko agindua eman du jada Espainiako Gobernuak, epaileek eskatu zituztenetik 18 hilabete pasatu eta gero.

Agiriak osorik desklasifikatuko ditu gainera, eta, horrela, egia jakin dadin ahalik eta gehien lagundu nahi duela dio orain Gobernuak.

JOAN den abuztuan hartutako erabakian atzera egin eta guda zikinari buruzko CESIDen agiriak desklasifikatzeko agindua eman zuen atzo PPko gobernuak.

Francisco Alvarez Cascos presidenteordea buru zuen Ministroen Kontseiluak Jose Maria Aznar presidentea Brasilen dela eta atzoko bileran erabaki zuen Auzitegi Gorenaren erabakia bete eta CESIDen 13 agiri epaileen esku uztea.

Baltasar Garzon, Javier Gomez de Liaño eta Justi Rodriguez epaileek eskatu zituzten agiri horiek Lasaren eta Zabalaren, Oñederraren eta Urigoitiaren kasuen ikerketan funtsezkoak direlako.

Hemezortzi hilabete pasatu dira Garzon epaileak CESIDen agiri sekretuak lehen aldiz eskatu zituenetik.

Gatazka jurisdikzional luzea ekarri du, eta Auzitegi Gorenak joan den hilaren 22an jarri zion amaiera.

Epaileek eskatutako 18 agirietatik 13 desklasifikatu egin behar direla erabaki zuen, pertsonen babes judizialerako eskubidea Estatuaren segurtasunaren gainetik dagoela argudiatuz.

Agiri batzuetan zenbait paragraforen desklasifikazioa bakarrik eskatu zuten epaileek (ikerketarako froga gisa funtsezko zirelakoan), eta horiei sekretua kentzeko agindu zion Auzitegi Gorenak Gobernuari.

Baina, hark agiriak osorik desklasifikatzeko agindu du, horrela, hobeto eta ahalik eta gehien lagunduko dugulako egia argi dadin.

Izan ere, Auzitegi Gorenak desklasifikazioaren aldeko epaian azaldu zuenez, epaileek pasarte jakin batzuen desklasifikazioa eskatu zuten arren, kontestuan aztertzea komenigarria litzateke, puntu batzuk argiago izateko.

Eta Gobernuak aintzat hartu du gomendio hori.

Presidente edo pendiente

Horren inguruan mintzatu dira azken egunotan hainbat buruzagi sozialista.

Garzonek eskatu ez zuen pasarte batean pte. laburdura pendiente (bukatzeke) dela adierazi du Felipe Gonzalezek, eta ez presidente.

Jakina denez, guda zikinaren ekintzak hasiko zirela iragartzen den agirian Pte. Para el viernes (ostiralerako)esaldia ageri da amaieran.

Pte. presidente esateko erabiltzen zela deklaratu zuen bere garaian Juan Alberto Perotek,CESIDeko talde operatiboetako buru ohiak, baina Emili Alonso Manglano CESIDeko zuzendari ohiaren arabera pendiente esateko erabiltzen zen laburdura hori.

Eduardo Serra Defentsa ministroak eman zuen atzo prentsaurrekoan Gobernuaren erabakiaren berri, eta ez zuen polemika horri buruz hitz egin nahi izan.

Gonzalezek esan duenez, pg. laburdurarekin izendatzen zen Gobernuko presidentea CESIDen agirietan, eta pendiente, berriz, pte..

Gobernuak gertaerak erabat argitu nahian erabaki du agiriak osorik desklasifikatzea, ministroak azaldu zuenez, eta CESIDen agiriak berehala igorriko dituztela epaitegietara.

Bestalde, Serraren iritziz, erabaki hori ez da kontraesankorra Gobernuak abuztuaren 2an hartutakoarekin.

CESIDen agiriak ez desklasifikatzea erabaki zuen, haien edukia ezagutzeak Estatuaren segurtasuna arriskuan jarriko lukeela argudiatuta.

Atzo Serrak esan zuenez, desklasifikazioak ez ditu Espainiako zerbitzu sekretuak kaltetuko, eta ez du espero nazioarteko inteligentzian ere arazoak sortzea.

Orain arte, Serra izan da PPren Gobernuaren barruan desklasifikazioaren kontrako jarrera tin-koena erakutsi duena, zerbitzu sekretuen sinesgarritasuna kolokan jarriko litzatekeela esa-naz.

Serrak berretsi zuenez, Gobernuak ez du Auzitegi Gorenaren agindua Konstituzionalean errekurrituko.

Felipe Gonzalez buruzagi sozialista izan da au-kera horretaz hitz egin berri duena.

Jose Maria Aznar Gobernuko presidentea Brasilen mintzatu zen desklasifikazioaren inguruan.

Erabakia erabateko lasaitasun eta normaltasun egoeraren barruan hartu dela adierazi zuen, eta sortu diren erreakzioak (PSOEko buruzagiena) larritasun egoera partikularrak eraginda-koak direla.

Aznar: Auzitegi Gorenak esan diona bete du Gobernuak.

Egoera politikoa lasaia da; larritasun egoera partikularrak baino ez dira sortu.

Jose Maria Aznar presidentea Brasilen zela erabaki zuen Gobernuak desklasifikazioa